eGela

Berritzegune Nagusia

Mikroskopio digitala Zientzien didaktikan (II): Mikroskopio-motak // El microscopio digital en la didáctica de las Ciencias (II): Tipos de microscopio

Mikroskopio digitala da ordenagailu bati lotutako USB baten bidez edozein prestakin pantaila batean ikustea ahalbidetzen duena. Ordenagailua kainoi bati lotua badago, prestakina gelako pantailan proiekta daiteke eta tamaina oso handian ikusiko da.

Mikroskopio digitalak bere softwarea dakar behin instalatu ezkero aukera asko ematen dituena, hala nola, prestakinaren argazkiak, argazki-sekuentziak (time-lapse) eta bideoak hartzea. Gainera, softwareak edizio hainbat aukera ere eskaintzen ditu argazkien gainean lan egin edota argazkiak manipulatzeko.

Edizio-aukerak aldatzen dira mikroskopio-motaren arabera. Ohikoenak irudiaren gainean marraztea, idaztea, neurriak hartzea, argazkiak konparatzea edota bata bestearen gainean jartzea izaten dira. Gainera, irudiak inportatu eta esporta daitezke e-mail bidez elkartrukatzeko. Ondoren, dokumentuetan eta multimedia aurkezpenetan jartzeko erabil daitezke.

Hiru mikroskopio digital mota bereiztuko ditugu: mikroskopio konposatuak kamara digital bat akoplatuta dutenak, kamara digitala barnean ezarrita duten mikroskopioak eta okularrik gabeko mikroskopio digitalak.

Castellano

1/ Betiko mikroskopio konposatuak, bat edo bi okulardunak, horietako bat kendu eta kanpoko kamara digital bat gehitua dutenak.

ALDE: abantaila nagusia gure laborategian dagoeneko dugun edozein mikroskopiotan erabil daitekeela da. Handitze-aukera mikroskopioari dagokiona da. Hau 40Xtik 1500Xra joan daiteke.

KONTRA: Desabantailarik aipagarriena da kamara digitala mikroskopio batean edo gehiagotan jarri eta kentzeak hodia laxatzea edota kendutako lenteak galtzearen arriskua. Gainera, kamara batzuk dituzten  egokitze-piezak jartzen eta kentzen ibiltzean  galdu egin daitezke.

ERABILERA: Prestakin zehar-argiak edo tamaina txikikoak ikusteko erabil daitezke: animalia- eta landare-ehunak, esporak, polena, mikroorganismoak edota kristal txikiak. Egokiak dira Bigarren Hezkuntzako Biologia-Geologia eta Biologia gaiak lantzeko.

PREZIOA: Prezioa asko aldatzen da sinpleak merkeagoak eta konplexuak garestiagoak izanik. Duela urte bat, supermerkatu-kate handi batek Bresser Biolux NV mikroskopio kita (portak, estalkiak, pipeta…) 50€tan salgai jarri zuen. Eskaintzei begira ibiltzeko kontua da!

2/ Barne-kamara digitala duten mikroskopioak. Barne-kamara digitala, ezin dena kendu, bat edo bi okular dutenak dira.

ALDE: Erabiltzean hiru aukera ematen dute. Okularretatik zuzenean begiratu eta ordenagailuaren beharrik gabe erabil daitezke. Okularretatik begira daiteke irudia ordenagailuaren pantailan ikusten den bitartean. Eta, azkenik, badago irudia bakarrik pantailan ikusteko aukera ere.  Abantailarik garrantzitsuena kameraz arduratu beharrik ez dagoela, ezin baitugu   ukitu.Handitze-ahalmena 40Xtik 1500Xra doa.

KONTRA: Desabantaila prezioa da. Irudiaren kalitatea barne-kameraren araberakoa da eta hau prezioarekin batera aldatzen da. Oso garestiak direnez, irakaslea ikasleen esku uztearen beldur izan daiteke.

ERABILERA: Prestakin zehar-argiak edo tamaina txikikoak ikusteko erabil daitezke: animalia- eta landare-ehunak, esporak, polena, mikroorganismoak edota kristal txikiak. Egokiak dira Bigarren Hezkuntzako Biologia-Geologia eta Biologia gaiak lantzeko.

PREZIOA: Garestienak dira, prezioa 750€tik gora doa.

Mota honetakoa Motic Digital Microscope  DM-B1 mikroskopioa da, Zientzia-hezkuntza Programan parte hartu duten Euskadiko 25 ikastetxetan erabiltzen ari da.

3/ Irudia ikusteko ordenagailu bateko pantaila behar eta okularrik ez duten mikroskopio digitalak.

ALDE: Mikroskopio txikiak eta eramangarriak dira. energia-iturria ordenagailua izanik, harekin USB kable bidez konektatzen dira. Ordenagailu eramangarri bati lotua ikastetxeko edozein tokitan erabil daiteke (laborategia, gela, jolastokia). Eskolako irteeratan gurekin eraman dezakegu. Heltze-egitura sendo bati egokituak daude eta haien oinarrian lagina kokatzen da. Heltze-egituratik kanpo erabil daitezke. Beraz, azaleren irudiak eta bideoak (lurzorua, harriak, paretak, zuhaitzak…), izaki bizidunen atalak (begiak, ilea, azala…) eta geldi edo mugimenduan dauden animalia txikiak (inurriak, zizareak, barraskiloak…) ikusteko aukera ematen dute.

KONTRA: Desabantaila bakarra handitzeko muga da, gehienez 200Xko handipena baitute.

ERABILERA: Bi argi-iturri dituzte. Behekoa, prestakin zehar-argiak edo tamaina txikikoak ikusteko erabil daiteke: animalia- eta landare-ehunak, esporak, polena,        mikroorganismoak edota kristal txikiak. Goikoa, edozein prestakin opako ikusteko aukera ematen du, hala nola, landareen atalak, haziak, intsektuak, moluskuak, harriak, mineralak, etab.

PREZIOA: Ez dira garestiak izaten, 200€ inguruko prezioa izaten dute. Beraz, nire iritsiz, egokienak dira Naturaren Zientziak Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakasteko orduan.

Gaur egun, Zientzia-hezkuntza 2011-12 Ekimenean parte hartzen ari diren Euskadiko 40 ikastetxetan T-1050 kena motakoa erabiltzen ari da.  Zientzia-hezkuntza 2008-2011 Programan sartu ziren ikastetxeetan Intel Play QX3 (agortua dago) eta Digital Blue QX5 (agortua dago) mikroskopio digitalak erabiltzen ari dira.  2012 urtean zehar, Digital Blue QX7 mikroskopioasalgai egongo dela iragarri dut.

Comments are closed.