eGela

Berritzegune Nagusia

Scratch, sortu eta ikasteko aukera dibertigarria !

Scratch programazio-lengoaia ikasteko oso proposamen dibertigarria da, jolasak, animazioak, musika eta artea sortzeko aukera ematen baitigu. Ikasleak tradizionalagoak diren beste programazio-lengoaietara hurbiltzeko tresna paregabea da. Scratch programarekin proiektuak garatuz, funtsezkoak diren matematikako eta informatikako kontzeptuak ikas ditzakegu (Eskola 2.0 ordenagailuetan barne). Gainera, ikasleei eta gazteei  era sortzailean pentsatzeko, sistematikoki arrazoitzeko eta elkarlanean aritzeko aukera ematen die.

Scratch-en eraikuntza-blokeka programatzen dugu. Hor dago bere originaltasunaren gakoa. Beste programazio-lengoaiekin alderatuz, askotan nahasgarriak direnak, Scratch programaren piezak puzzle batean bezala edo betiko eraikuntza-jolas batean bezala jartzen dira. Horrela, hamaika animazio eta jolas sor ditzakegu.
Logo Scratch

Scratch-ek ikasgelan, besteak beste, hurrengo aukerak eskaintzen ditu:

• Pentsakera logiko eta algoritmikoa garatzea

• Era ordenatuan eta metodikoan arazoak ebazteko metodoak garatzea

• Nork bere lanari buruzko autodiagnosia egiteko ohitura garatzea

• Nork bere ideiak zalantzan jartzeko ahalmena garatzea

• Abiapuntu sinpleetatik emaitza konplexuak lortzeko aukera

• Norberaren gaitasunen arabera, erritmo egokian lan egiteko aukera

• Kontzeptu matematikoak ikasi eta bereganatzeko/barneratzeko aukera: koordenatuak, aldagaiak, algoritmoak, ausazkotasuna

• Programazioaren oinarriak ikasteko aukera

• Baliabide desberdinak erabiltzeko aukera: soinuak, irudiak, testuak, grafikoak…

• Ezagutzaren trukearen bitartez elkarrekiko ikasketa ahalbideratzea

Scracht erabiltzeko erreferentzia GIDA

Scratch Day MIT Media Lab elkarteko “Lifelong Kindergarten Gruop” taldeak sortutako eta garatutako ideia da. Munduko hainbat puntutik aldi berean egiten den jardunaldia da, eta gertakari bakarrean batzen ditu elkarbanatzen ikasteko eta ikasten elkarbanatzeko interesa duten pertsonak, betiere Scratch lotune dutelarik.

Aurten Scratch egunaren BIGARREN edizioa ospatu nahi dugu Euskadin, Bilbon eta Donostian aldi berean. Bertan ikastaldeak lanean ikusteko aukera aparta izango dugu … ANIMATZEN al zara zu ere zure taldearekin jolastera eta sortzen ikastera ?

Comments are closed.