eGela

Berritzegune Nagusia

Komunikazio-proiektuak / Proyectos de comunicación

Komunikazio-proiektuak biltzen dituen web gune bat aurkeztu nahi dizuegu post honetan. Hizkuntza irakasleei laguntzeko asmoz sortu da, irakasleek bertan deskribatu eta proposatzen diren sekuentziak erabili eta programazioetan txerta ditzaten. Denak sarean daude, libreak dira eta EAEn sortuak.

Os presentamos una página web que reúne Proyectos de Comunicación con la intención de ayudar a que los profesores y profesoras de lenguas puedan seleccionarlos e introducirlos en sus programaciones. Todos los proyectos están disponibles libremente en la red y se han elaborados en el País Vasco.


https://sites.google.com/site/komunikazioproiektuak/

Proiektuek ikaskuntza aktiboa bultzatzen dute. Horien bidez, ikasleak protagonista bihurtzen dira, beraiek baitira egile eta ikaskuntzaren bultzatzaile. Hizkuntza arloari dagokionez, komunikazio-proiektuak bide eta aukera eraginkor gisa aurkezten dira, ikaskuntza aktiboa eta komunikatiboa bultzatzeko. Hala ere, ikasgeletan ikaskuntza tradizionala, irakaslea ardatz eta gidari duena, izan ohi da hizkuntza lantzeko edo, hobeto esanda, aztertzeko ikasleei eskaintzen zaien bide bakarra. Egoera horri aurre egiteko eta irakasleei programazioa osatzen laguntzeko lanabes gisa egin da gune hau. Halaber, hizkuntza irakasleen arteko koordinazioa bultzatzeko eta hizkuntzen artean proiektuak adosteko eta hartara, programazio bateratuak egiteko bide gisa planteatu nahi izan da.

Nabarmendu behar da proiektu horiek  metodologia jakin bati lotuta daudela, ikuspegi komunikatiboari, hain zuzen. Eta denetan, benetako komunikazio egoera bat abiapuntu izanik, ikasleek testuak ekoitziko dituzte, ahoz zein idatziz . Horrez gain, aurkezten diren horietako material batzuk Hizkuntzen Trataera Bateratuaren ikuspegiari eusten diote eta hartara, hizkuntzetako irakasleen arteko koordinazioa bultzatu nahi dute.

Guneak biltzen dituen materialek honako ezaugarriak dituzte:

• Euskara eta Gaztelania lantzeko komunikazio-proiektuak dira, hizkuntza bakoitza bere aldetik edo biak programazio bateratuan uztartuta.
• Egoera komunikatibo bati erantzutea helburu duten proiektuak dira. Hartara, ikasleek, ahozko eta idatzizko testuak irakurri, ulertu, horien inguruan hitz egin, horietaz idatzi eta beste testu bat sortu eta komunikatu egingo dute, hau da, erabili egingo dute beste egoera batean. Helburua, beraz, testuak (olerkiak, narrazioak, ahozko azalpenak, debateak, bideo-klipak…) sortzea da, hizkuntza lantzeko eta erabileraren inguruko gogoeta eginez, hobetzeko.
• Proiektuen kalitateari erreparatu zaio, ez, ordea, kantitateari. Biltegi erraldoia bihurtzeko arriskua saihestu nahi izan baita.
• Batzuk digitalak dira (ordenagailu bidez erabiltzeko), beste batzuk digitalizatuak.
• Egileak anitzak dira: irakasleak, Berritzeguneetako aholkulariak, enpresak …

Zer ez da sartu?
Material ugari, ariketa solteak, jarduera deslotuak, testuingururik gabeak… Gune honetan bildutako sekuentzietan badira hizkuntzaren alderdi gramatikalei lotutako jarduerak eta baliabideak, baina testuinguruan txertatuak eta esanguratsuak.

Nola dago antolatuta?
Web gune honek hizkuntzak lantzeko proiektuak hizkuntzen artean modu bateratuan programatzeko lanabesa izan nahi du irakasleentzat eta horregatik Programatzeko Iradokizunak izeneko orri bat sartu da edukiak banatzeko eta mailaz maila antolatzeko. Bertan, programazioa hiru ezaugarri hauen arabera antolatzea proposatzen da:

. Hizkuntza-komunikazio gaitasunaren garapena
. Testu-tipo eta testu-generoen aniztasuna.
. Hizkuntz trebetasunen garapena (hitz egin, irakurri, entzun, idatzi, solasean aritu).

Orri nagusiak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dira.
Lehen Hezkuntzan komunikazio-proiektuak zikloka antolatu dira; proiektu gehienetan hizkuntza ez ezik curriculumeko beste arloren bat ere garatzen da.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako proiektuak antolatzerakoan, berriz,  kontuan hartu den ardatza testu tipologia izan da. Baina literatura-hezkuntza oso eduki garrantzitsua izanik, eta ageriko tokia izan behar duela iritzita, beste atal bat gehitu da. Bertan, bereziki, heziketa literarioa garatzen duten proiektuak eta literatura eta testu-genero bat uztartzen dituztenak bildu dira. Sailkapen eta antolaketa honetan, bestalde, diziplinarteko proiektu batzuk ere aipatu ditugu beste arloetako edukiak garatzeko oso interesgarriak baitira.

Proiektuen deskripzioa xumea da. Lehendabizi, ikasleek ekoitzi behar duten testu-generoa zehazten da; gero, proiektuaren izenburua eta, ondoren, proiektua digitala ala digitalizatua den. Azkenik, proiektuaren azalpen laburra ematen da.

Komunikazio-proiektu horiek egin dituzten irakasleei eskerrak eman nahi dizkiegu, sarean  partekatzen dituzten lan horiek guztioi lagunduko digutelako. Baina egitekoa ez dago amaituta, eta horregatik web orri hau hornituz eta osatuz joango da guztion laguntzari esker. Horretarako, galdetegi bat jarri da webgunean bertan  inork proiektu erabilgarririk badu eta gune horretan ager dadin nahi badu, informazioa Berritzegune Nagusira helarazteko eta  sites gunean jartzeko irakasle guztien esku.

Web gunearen deskripzio honek komunikazio-proiektuak erabiltzera animatu nahi zaituzte, jakinik denok, noiz edo noiz, proiektu horietako baten bat, erraz txerta dezakegula programazioan, proba moduan baino ez bada ere; edo programazio osoa horiekin egin edota gaztelaniako irakaslearekin batera programazio adostua osatu!  Animo eta ekin!

Berritzegune Nagusia
Hizkuntza arloa

Comments are closed.