eGela

Berritzegune Nagusia

ENTZUMENA LANTZEN

Adituen iritziz, gizakiok gure denboraren %80 komunikazioari ematen diogu eta denbora hori honela banatzen da trebetasunez trebetasun *:
Entzutea: %45
Hitz egitea: %30
Irakurtzea: %16
Idaztea: %9

(*(Gauquelin, 1982: 47-48), Paul T. Rankin Detroit-eko eskola publikoetako zuzendariak eginiko ikerketaren datuetan oinarrituta.)

Datuek jakin dakigun errealitatea adierazten dute: entzuten ematen dute gure ikasleek denborarik gehiena eskolan. Baina entzumena landu egiten da? Beste galdera batzuk ere badatozkigu burura: entzun entzuten dute gure ikasleek, baina aditu? Entzutea eta arreta jartzea gauza bera dira? Zenbat denbora eman daiteke arreta jartzeko jardueretan?…
Oro har, eskolak ahaztu samar izan du ahozkoaren lanketa. Hori gertatu da, alde batetik, hizkuntza idatziari lehentasuna eman zaiolako, eta, bestetik, adibide aztergarriak eta eredugarriak biltzea eta ikasleen ekoizpenak jasotzea zaila izan delako. Egun, web 2.0k eta IKTek trebetasun hau lantzeko baliabideak eskueran jartzen dizkigute, ahozko testuak grabatzeko, entzuteko eta jasotzeko.
Eta zer nolako testuak entzun eta landu behar dituzte gure ikasleek? Askotarikoak, testu anitzak, hizkuntzaren erabilera eremu guztietakoak, errealak, ez egokituak… Beheko grafikoak adierazten duen gisa.

Ahozko testuak lortu, entzun eta jasotzea ez da arazo egun; izan ere, hizkuntza guztietan badugu material ugari sarean. Honako esteketan (euskera; gaztelania; ingelesa) bildu dira makina bat helbide ahozko testuak eta baliabideak lortzeko. Horrez gain, material hori sarean antolatzeko eta beti eskuragarri izateko,  oso erabilgarri suerta dakiguke DIIGO erreminta. Hala, tresna horren bidez, hautatuko ditugun ahozko testuak geure beharrizanen arabera etiketatu eta beste kide batzuekin edo ikasleekin partekatu ahal izango ditugu. Beraz, IKT tresnek oso baliabide erabilerrazak eta baliagarriak eskaintzen dizkigute arloa or har, eta entzumena, bereziki, lantzeko. Materiala badago, ugari. Arazoa ez da material falta, ez, ahozko testu horiekin gelan zer egin behar dugun jakitea baino.
Zer egiten dugu entzumena lantzeko? Galderari erantzuteko asmoz, gelako bi prozedura islatzen dira beheko koadroetan. Entzutezkoaren lanketari lotutako zein eredutan kokatzen gara? Zeinek islatzen du gure praktika didaktikoa entzumenari dagokionez? Non dago gure ikastetxea?

Argi dago bi prozedura horiek praktika didaktikoari lotutako lehendabiziko eztabaida dakartela eta horrez gain, honako ondorio honetara eramaten gaituztela: ahozkoaren ulermena lantzea eta ebaluatzea ez dira gauza bera. A prozeduran ebaluazioa izango genuke islatuta, B prozeduran, berriz, prozesua, prozesuaren atal bat, hain zuzen ere. Izan ere, ahozkoaren ulermena lantzeko ibilbide bat burutu behar dute ikasleek irakaslearen laguntzaz eta ibilbide horrek zenbait une ditu.

Horrekin batera entzumena lantzerakoan badira oso kontuan hartu behar diren irizpideak, irakasleon praktika didaktikoan eragin zuzena baitute. Dekalogo honek laburbilduko lituzke:

  1. Ahozko testuen berezitasunak kontuan hartu (informazioa denbora errealean prozesatu beharra, erregistroa, azentua, euskalkia, bizkor hitz egitea, behar bezain ozen ez hitz egitea, diskurtsoak gainjartzea…).
  2. Jarrerak landu eta giroa zaindu. Hizkuntzekiko jarrera baikorrak sustatu behar dira; ikasleen arteko errespetu- eta lankidetza-giroa eta ikasleen aniztasunarekiko jarrera baikorrak.
  3. Kontuan izan irakaslea hizkuntza-eredua dela beraz, jarduteko era, estiloa, erregistroa, esateko moduak, aberastasuna, egokitasuna eta zuzentasuna zaindu.
  4. Entzute jarduerak modu isolatuan baino testuinguru baten baitan proposatu edota proiektuetan txertatu.
  5. Entzute jardueren iraupena kontrolatu. Ez ahaztu aditzea eta entzutea ez direla gauza bera.
  6. Entzute-jardueraren helburua azpimarratu Zertarako entzuten ari garen jakiteak erabateko garrantzia du: zer helburu izan, halakoa izango da entzute-lana (esaten denaren funtsaz jabetzea, informazio espezifikoa lortzea, informazio inplizituaz ohartzea…).
  7. Entzute jardueretarako askotariko taldekatzeak antolatu eta ikasleei egiteko desberdinak zehaztu.
  8. Ebaluazio-adierazleak kontuan izan; ikasleei jakinarazi, eta, ahal den neurrian, haiekin adostu.
  9. Entzuketaren inguruan ikasleekin hausnartu.
  10. Eta… entzute-prozesua bideratzeko estrategiak landu.

Azken puntu horrek berebiziko aipamena behar du hemen. Izan ere, ahozkoaren ulermen-prozesuak, idatzizkoarenak bezala, hiru une ditu, eta horietako bakoitzak estrategia bereziak lantzea eskatzen du. Estrategia horiek geure egin behar ditugu eta entzute prozesua bideratzeko erabili:

Entzumena lantzeko prozesuari behar duen garrantzia emanez, estrategietan trebatu eta askotariko testu errealak erabiliz, gure ikasleek ahozko testuak hobeto ulertuko dituzte eta hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia hobeto garatzen lagunduko diegu.

Egileak BNko hizkuntza taldea

Iturria: Berritzegune Nagusia. Hizkuntzak: Orientabide didaktikoak

Comments are closed.