eGela

Berritzegune Nagusia

Kulturarteko hezkuntzaren ikuspuntutik begiratuta zer da kulturarteko Ikastetxe Bat? I

Zalantzarik gabe, ikasle etorkinak edo ikasle etorri berriak gure eskoletan hasteak oso kontuan izan beharreko erronka ekarri dio eskola komunitateari.
Eskoletan errealitatean egiten diren praktikei begiratuko bagenio, oro har, errealitatean benetan dauzkagun ereduak bi dira: asimilazioa eta kulturaniztasuna. Izan ere, gure eskoletan hizkuntza ereduak dauzkagu, talde bereziak, ikastetxe katolikoak edo laikoak ditugu eta abar. Ekinbide eta praktika horiek guztiak bi eredu horien baitan kokatzen dira, baina
kulturarteko praktikak ote dira?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan azken hamar ikasturtetan gai horren inguruko bi programa ezarri dira. Lehen programa, Ikasle etorkinak artatzeko programa, 2003-2007 artean ezarri zen. Ondoren, Kulturartekotasunaren eta ikasle berrien inklusiorako programa egon da indarrean.
Berritzeguneen zeregina izan da bi programa horietan agertzen diren ekintzak eta baliabideak abian jartzeko eginbeharreko sustapen eta hedapen lanak egitea. Ikusitakoa ikusita, ordea, esan genezake Kulturarteko Hezkuntza ez dela eskola gehienetan praktikatzen den errealitate bat, gehiago jarraitzen du izaten utopia bat, desideratum bat, ez dut uste erroturik edo sendoturik dagoen eredu bat denik. Ekitateari eta eskolako justiziari erreparatzen badiogu, ordea, Kulturarteko Hezkuntzan sakondu beharko genuke.
Zer da Kulturarteko Hezkuntza?
Interesgarria litzateke Kulturarteko Hezkuntza esaten dugunean kontzeptu horrekin zer esan nahi dugun argitzea. Teoria mailan ez dago definizio bakarra, baina adituen proposamenak gurutzatzean ondoko ezaugarri hauek azpimarratuko nituzke:
1.      Ikastetxeek ez dute etorkinez edo atzerritarrez betetzea itxaron behar kulturartekotasuna lantzeko. Horren arabera, ezin ditugu lotu immigrazioa eta Kulturarteko Hezkuntza: atzerritarrik ez izan arren gelan landu daiteke ikuspuntu hori. Gure jendartea gero eta anitzagoa da, gure eskola, gure auzoa eta abar diren antzera. Eskolak, hortaz, mundu anitz batean bizitzeko herritarrak prestatu beharko ditu. Kulturartekotasuna gure errealitatea ikusteko eta aztertzeko modu berri bat da, kontuan hartzeko hainbat aldagai eskaintzen dizkiguna.
2.      Diskurtso hau ez da ikasle atzerritarrentzat soilik, ikasle guztientzat da. Horregatik, inoiz ez da proposatuko ikasle horiek talde berezietan biltzea edo ikastetxe bereziak eraikitzea haientzat. Ikuspuntu horretatik, ez da bultzatzen gauza berezi bat egitea ikasle edo ikasle talde zehatz batentzat; aitzitik,  ikastetxe batean proposamen bat egiten bada, ikasle
guztientzat izango da. Esaterako, ikastetxe batek erabakitzen badu hizkuntza bat landuko duela, jatorrizko hizkuntza bat, eskeintza ikasle guztientzat izango da. Kulturarteko Hezkuntza ikuspuntu honetatik begiratuta hainbat galdera egin beharko genizkioke gure buruei: Zer paper jokatuko dute komunitateko familien hizkuntzak? Nola erabiliko ditugu
irakasleok familien hizkuntzak? Familiekin egingo ditugun harremanetan zein garrantzia emango diegu haien hizkuntzari…
3.      Eskolatzeko eskubidea eta integrazioa. Orain arte indarrean izan diren bi programek epez kanpo iristen ziren matrikulak bideratzeko eskolatze batzordeak aurreikusten zituzten. Batzorde hauetan gehien erabili diren adierazleak ikastetxeetako egoera eta gurasoen nahiak izan dira. Beste alde, prozesu honetan ikastetxeetako harrera prozesuari garrantzi handia eman zaio.
4.      Irakasleak ezin gara kulturarteko ikuspuntu horretatik kanpo geratu. Kontzientzia hartu behar dugu nola pentsatzen dugun, zeintzuk diren gure aurreiritziak, gure oztopoak aniztasun kultural horretan bizitzeko. Ez da
guk ikasleekin lantzeko molde bat, guk ere murgildu behar dugu. Horretarako komenigarria da hiru zutabe hauek kontuan izatea: pentsatzen duguna, egiten duguna eta sentitzen duguna. Beraz, kontzientzia hartu behar dugu egoera berri hori bizitzeko zer dakargun lehendik, zer oztopo eta zein muga ditugun.
(jarraituko du)

Comments are closed.