eGela

Berritzegune Nagusia

Zer izan nahi duzu handitan?

Hezkuntzan lana egiten baduzu, erraz erantzungo duzu ondorengo galdera: Zein da hezkuntzaren helburua?

 Ziur nago zuetako askok honelako hitzak erabiliko dituzuela erantzunetan: ikasleen gaitasunak garatzea, herritar parte-hartzaile eta kritikoak sortzea, ondo prestatuak, zoriontsuak… Edo, agian, LOMCE aurreproiektuarekin ados egonda, beste hitz batzuk erabiliko dituzue, dokumentu horren 1. lerroaren ildotik: “La educación es el motor que promueve la competitividad de la economía y el nivel de prosperidad de un país.”

Orientatzaileok hitz potoloak gustukoak ditugu eta bizitza-proiektua, proiektu pertsonala eta horrelakoak erabiliko genituzke Hezkuntzaren xedea zein den erantzuterakoan. Eta helburu hori lortzeko elkarlanean arituko gara beste irakasle guztiekin, baina bereziki tutoreekin: “tutoretzan gure ikasleak lagundu nahi ditugu bizitza-proiektua eraikitzeko beharko dituzten gaitasunak eskuratzen”.

Tutoretza Planean jarduera ugari aurreikusiko ditugu etapa guztietarako, Haur Hezkuntzatik hasita. Zenbait unetan, begirada barrurantz zuzentzen lagunduko ditugu ikasleak: nolakoa naiz, zer interesatzen zait, zer baloratzen dut, nola ikasten dut hobeto, nola erregulatzen ditut nire emozioak, nola planifikatzen ditut nire ikasketak…; eta, besteetan, kanporantz: bestekin nolako harremanak ditut, nola hobetu horiek, nola egin elkarrekin lan, zer eskaintzen dit hezkuntza sistemak zein aukerak daude lan munduan…

 Horrela, urtez urte, haien bizitza proiektua eraiki ahal izateko beharrezkoak diren gaitasunak garatzen lagunduko ditugu. Horien artean autonomia eta ekimena, norberaren erabakiak hartzeko eta martxan jartzeko gaitasuna. Txikitatik. Hasieratik.


Ikasleak handitzen doazen neurrian hartu beharreko erabakien garrantzia ere handitzen joango da, jakina! Eta bide bat edo bestea hartzeko unea iritsiko zaie, gehienetan DBH bukatzerakoan. Eta txikitan entzundako galdera huraZer izan nahi duzu handitan? planteatu beharko dute serio. Eta erabaki. Eta horri ekin.

 Une horretan ezohiko laguntza beharko dute ikasle batzuk, barrurantz so egiteko; beste batzuk, kanporantz, dituzten aukerak ondo baloratzeko. Baina guztiei eman beharko zaie oinarrizko informazioa haien aukerak ezagutzeko.izan nahi duzu handitan? planteatu beharko dute serio. Eta erabaki. Eta horri ekin.

Ikasleek dituzten aukerak aztertze-lan horretan teknologia berriak laguntzera datozkigu. Aditua ez izan arren, lagungarriak izan daitezkeen programetan erreparatu egin dut eta batekin geratu naiz. Hona hemen ikasleekin informazioa lantzeko nire proposamena: kontzeptu mapak.

CMap Tools programarekin egina dago. Bertan hezkuntza sistemak eskaintzen dituen ikas-ibilbideak ikus daitezke begiratu batean; eta aukera guztiei buruzko informazioa eskura daiteke klik batean.

Ez nekien nik kontzeptu mapak ikasleekin informazioa lantzeko balio zitekeenik;  ideia beste orientatzaile bati zor diot: Víctor Cuevas, mila esker!

Hori da, nire ustez, Web 2.0 duen abantailarik handiena: batek sortzen duenak bide emango diola besteari berea egiteko. Edo bestearena osatzeko. Elkarrekin norberaren lana aberasteko, azken finean.

Comments are closed.