eGela

Berritzegune Nagusia

Kulturarteko hezkuntzaren ikuspuntutik begiratuta zer da kulturarteko ikastetxe bat? II

Aurreko atalean Zer den Kulturarteko Hezkuntza galderari erantzuten hasi ginen. Zenbait ezaugarri aipatu genituen: ezin da lotu immigrazioa eta Kulturarteko Hezkuntza; diskurtso hau ez da ikasle atzerritarrentzat soilik, ikasle guztientzat da; Irakasleak ezin gara kulturarteko ikuspuntu horretatik kanpo geratu…

Bigarren parte honetan argudioak ematen jarraitzen dugu Kulturarteko Hezkuntza esaten dugunean kontzeptu horrekin zer esan nahi dugun argitzeko.

5.- Ekitatea eta justizia. Ikastetxean edozer egiten dugula ere, ikasteko, gainditzeko, eskolako arrakasta lortzeko, zorigaiztokoak ez izateko izango da, eta hori azpimarratzekoa da. Azken finean, eskola inklusiboa izatea da helburua, denentzako eskola. Ikasle guztiek badaukate eskolatzeko eskubidea, baina ez da nahikoa ikasleak gure ikasgeletan edukitzearekin. Eskolak guztien arrakasta lortu behar du. Aholkularitza lanetan gabiltzarentzat nazio arteko mailan funtzionatzen duten eta zientifikoaren aintzatespena duten proposamenak ezagutzea funtsezkoa da. Hori dela eta, azken urte hauetan, Europa mailan egiten ari den INCLUDE ikerketari begiratu diogu.

Include ikerketak Europako hainbat hezkuntza sistema aztertu ditu, eta zenbait praktika eraginkor eta hezitzaile aukeratu dituzte. Praktika batek eraginkorra eta hezitzailea izateko, baina, bi baldintza bete behar ditu derrigorrez: alde batetik, ikasle guztien emaitzak hobetu behar ditu; eta, beste alde batetik, ikasle guztien arteko kohesioa edo bizikidetza hobetu behar du. Beraz, Europako ikastetxeetan egiten ari diren hainbat praktika hezitzaile eta eraginkor aukeratu dituzte, eta ikertzaileek txosten bat egin dute aukeratutako praktika horiek guztiek elkarrekin dituzten ezaugarri komunak jasotzen dituena. Ezaugarri horiek, beraz, komunitate zientifikoak aintzat hartu ditu. Txosten horretan besteak beste ezaugarri hauek aipatzen dira:

  • Emaitza onak eman dituzten taldeak talde heterogeneoak dira, ez dira talde homogeneoak. Ikasgelan dauden ikasleak ez dira, hortaz, kultura berekoak, ez maila berekoak, baina ikasle horiei eskaintzen zaizkien baliabide pertsonal guztiak ikasgelan bertan daude.
  • Orain arte erabiltzen dugun eredua irakasle bat/ikasgela bat ez da baliagarria. Ikasgeletan askotariko ikasleak daude, eta beste formula batzuk bilatu behar ditugu: bi irakasle gela berean eta aldi berean, talde elkarreragileak, talde malguak baina heterogeneoak , curriculum egokitzapen eta ibilbide inklusiboak, ikastetko denborak eta guneak zabaltzea, boluntarioak…
  • Aukeratutako praktika horietan ikasteko denbora eta lekuak luzatu eta zabaldu egiten dira. Orain arte erabili ditugun ereduetan, adibidez, ikastetxeak ordu kopuru jakina egoten dira zabalik. Ikerketa horretako emaitzak azaldu duenaren arabera, ikastetxeek denbora gehiagoz egon beharko lukete zabalik, ikastetxeetako ordutegiak gehiago luzatu beharko lirateke. Luzapen horiek ez dute irakasleen bizkar joan behar, hor daude PROA izeneko proiektua eta gainerakoak.
  • Familien parte hartzea eta prestakuntza. Ikerketak dio edozein Familien parte hartzeak ez du balio. Informazio ematea edo kontsultak egitea beharrezkoak izan daitezke, baina ikasleen aprendizaian eragin gutxi daukate. Ordea gai esanguratsuetan eta garrantzitsuetan familien parte hartzea ahalbidetzen denean, emaitzak hobeak dira. Beste aldetik, funtsezkoa da, familientzako prestakuntza ekintzak antolatzea, baina ez, irakasleok pentsatutakoa haiek lantzeko, baizik eta gurasoek esango digute zer den landu nahi dutena. Hala ere, ona litzateke ikastetxean prestakuntza ekintza sendo bat izatea.
  • Irakasleentzako prestakuntza zientifikoa bultzatzea. Prestakuntzaren diseinuan ikastetxeetako beharrei erantzuteko praktikan frogaturik dauden proposamenak sartuko ditugu, ez bat-bateko burutazioa edota literatura pedagogikoan modan dauden azken ideiak. Geure buruari galdetu behar diogu zergatik egiten ditugun jarduera horiek eta ez beste batzuek.

 

6.- Kulturarteko Hezkuntzaren ikuspuntua arrazakeriaren aurka egiteko tresna eraginkorra eta baliagarria da, bai arrazakeria modernoaren eta baita arrazakeria postmodernoaren aurka. Izan ere, garai batean arrazakeria arraza kontzeptuan oinarritzen zen, endozentrismoaren ideian. Egun, arraza eta etnia guztiak desberdinak izan arren onak dira. Baina, horri gaineratzen diogu talde jakineko jendearekin bizitzea ezinezkoa dela. Hori da, hain zuzen, arrazakeria postmodernoa: denak berdinak garela pentsatzea, baina elkarrekin bizitzea ezinezkoa dela, alegia.

Kulturarteko hezkuntza ikuspuntua zabaltzeko duela 4 ikasturte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laurogeiren bat ikastetxeetan baliabide bat jarri zen martxan: Kulturarteko Hezkuntza proiekturako irakasle dinamizatzailea. Baliabide hori, ordea, etorkin asko dituzten eskoletan soilik eskaintzen da. Pertsona horiek beren lanegunaren erdia eskaintzen dute ikuspuntu hori zabaltzeko, eta lan esparru hauek dituzte, besteak beste: harrera prozesua, ikastetxea familia horietara hurbiltzea, alegia; metodologiak gainbegiratu eta irakasleekin partekatzea; baliabideak biltzea; ikastetxeko gainerako kulturak argitara ekartzea eta abar.

7.- Kulturarteko Hezkuntzak oso kontuan du eskolako hizkuntza eta oso baliagarria da haren jabekuntza bultzatzeko. Izan ere, ikasleek nola gaindituko dituzte ikasmailak eta ikastarloak ez badute menderatzen eskolako hizkuntza edo hizkuntzak? Eskolako hizkuntzaren gaia kudeatzen laguntzeko HIPIak daude, 250 sare publikoan eta ehunen bat ikastetxe itunpekoetan. Irakasle horiek, harrera prozesuan eta hasierako ebaluazioan parte hartzen dute, ikaslearen bakarkako plana egiten dute eta ordu batzuk eskaintzen dituzte eskolako hizkuntza indartzeko.

Ikasle etorkinak ikasgeletan dauzkagu, baina kosta egiten zaie ikasmailak gainditzea. Horren adibide bat, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gutxi gorabehera, Lehen Hezkuntzan ikasle etorkinen kopurua % 7,5 dela eta Batxilergoan daudenak, berriz, % 3. Beraz, gure benetako erronka, eskolako hizkuntza edo hizkuntzak ikasteaz gain, arloetako edukiak menderatzea izango da. Bestela, ez dute titulua aterako.

Bukatzeko, estatu mailan osatu den RED DE CENTROS INTERCULTURALES (http://www.escuelasinterculturales.eu/) izeneko ekimen interesgarria aipatuko nuke. Sare horretatik ikastetxe interkulturala izateko proposatzen dituzten 17 ezaugarriak ikastetxeetako praktikak bideratzeko oso gidari aproposa bihur daitezkeelako.

Comments are closed.