eGela

Berritzegune Nagusia

Eskola “flipatzen”?

Duela gutxi aditu bati entzun nion hezkuntzan dugun arazoa dela  XX. mendeko irakasleak ari garela  XXI. mendekoak diren ikasleekin XIX. mendekoa den eskola batean.

Egia esan, eskola barruan eta kanpoan bizi dugunaren arteko hutsunea gero eta zabalagoa dela iruditzen zait. Informazioaren eta komunikazioaren gizartean bizi gara eta informazio gutxi izatetik gainezka edukitzera pasa gara, denontzat, edozein tokitik eskuragarri. Gainera, ezagutza etengabe aldatzen ari da, azkar gainera: atzo egia zena gaur zalantza da. Ez al zen, bada, Pluton planeta bat?

XXI. mende honetan garbi dugu eskolaren zeregina zein izan behar duen. Jakin badakigu gaur egungo konplexutasunaren aurrean XX. mendeko pentsaera erreproduzitzailea motz gelditu dela eta egungo gizarteak herritar autonomoak, kritikoak eta sortzaileak behar dituela, ziurtasunik ezari egoki aurre egingo diotenak. Ez dakiguna da nola egin, nola egokitu gure egiteko modua, betikoa, eskakizun berri horietara.

Aldaketa behetik etorri behar duenaren iritzikoa naiz. Eta haize kontra, gainera. Izan ere, datorren lege berriak lagundu beharrean, oztopoak jarriko dituelakoan gaude bat baino gehiago.

Hezkuntza berri baten ametsa praktikara eraman dutenak badira, ez pentsa. Horien artean Bartzelonako Institut Pere IV (Quatre Cantons) irakasleak ditugu. Cuadernos de Pedagogía aldizkariaren  428 zenbakian irakurri nuen haien esperientzia: “El sueño de una Secundaria diferente”.

Ikasleen interesguneak abiapuntua diren Proiektu Globalak lantzen dituzte astero 11 orduz. Proiektu horiek Natur, Gizarte, Plastika, Teknologia, Herritartasuna eta tailerrak ordezkatzen dituzte. Batzordeak ere badituzte, ikasle guztiak batera, asteko azken bi orduetan. Gainontzeko orduak arlo instrumentalak lantzeko erabiltzen dituzte.

Goitik beherako aldaketarik egin gabe badira bestelako proposamenak ere. Kasu honetan teknologia berriaz baliatuz gelako lan-dinamika hankaz gora jartzen dute.

 

Flipped Classroom” gelari buelta ematea da, aldrebes jartzea: etxerako bidaltzen den produkzio-ikaskuntza aktiboa gelara eraman eta gelan egiten dena, berriz, etxera: azalpenak, arretaz entzutea, irakurketak, … Horrela ikasleak bakarkako lana egin ahal izango du etxean, grabatutako azalpenen eta irakurketen  bitartez, eta gelako denbora zalantzak argitzeari eta ondorioak eztabaidatzeari,…, taldean ezagutza eraikitzeari eskainiko zaio.

Nik ez dakit gelari buelta eman behar diogun ala ez. Baina XXI. mendeko ikasleak ditugu gure geletan eta ondo prestatu behar ditugu.

Gai izango al gara  XX. mendeko irakasleok eskola eskakizun horretara egokitzeko?

 

Irudia: INTEF

Ilustrador: Félix Vallés Calvo

Comments are closed.