eGela

Berritzegune Nagusia

Zer egin dezakegu hizkuntza saioetan IKTak modu eraginkorrean erabiltzeko?

IKT baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeko, berrikuntza metodologikoa bultzatzen duten proposamen didaktikoak eraman beharko genituzke ikasgelara, eta, horrenbestez, gramatikaren irakaskuntzan eta ezagutzen transmisioan oinarritzen diren proposamenak bazter utzi. Sareko aplikazioak proiektuen edo sekuentzia didaktikoetan txertatuta proposatu beharko lirateke, ez jarduera solte gisa; betiere ikasleei egoera eta gai motibagarriak eta interesgarriak proposatuz.

Hizkuntza trebetasunak (irakurtzea, entzutea, hitz egitea, solasean aritzea, idaztea) hobeto lantzeko aukera zabaltzen digute Informazio eta Komunikazio Teknologiek, eta, horrez gain, beste hizkuntza batzuetara jotzeko eta hizkuntza horiek erabiltzeko aukerak ere ugaritu egiten dituzte. Hala, hizkuntzen erabilera erreala sustatu, eta Hizkuntzen Trataera Bateraturako bidea egituratzen laguntzen digute.

Hizkuntza trebetasunak eta IKTak. Zer egin dezakegu gelan?

Ahozko hizkuntza lantzeko, IKTek askotariko baliabideak jartzen dizkigute eskueran, bai ikasleen ahozko testuak grabatzeko, bai askotariko testuak entzuteko… Horrez gain, gelara eraman ditzakegu hizkuntzaren hainbat aldaera eta estilo, erregistroak, euskalkien laginak…; irakasleek, IKTek baliatuta, errazago diseina ditzakete gelako jarduerak; eta ikasleek, IKTen bidez, ahozko testuak antola ditzakete, eta, hartzaile errealei komunikatu baino lehen, berregokitu eta zuzendu ditzakete.

Elkarreraginean aritzeko, IKTek komunikazio bide berriak -horietako batzuk, aldiberekoak- irekitzen dituzte; izan ere, Web 2.0 aplikazioek erabiltzaileak igorle eta hartzaile bihurtzen dituzte, eta hainbat hizkuntza erabiltzaileren arteko elkarrizketak sustatzeko, eztabaida bultzatzeko eta ezagutza elkarrekin partekatzeko aukera ematen dute: bideo-elkarrizketak, bideo- eta audio-txatak… harreman-tresnak dira globaltasuna ezaugarri duen mundu honetan.

Hizkuntza idatziari dagokionez, testuak planifikatzeko, idazteko, eta berrikusteko tresna ugari erabil daitezke. Tresna horiek idazketa prozesuaren alderdi zailenetan sakontzeko aukera ematen digute.
Web 2.0ren bilakaerak idazteko aukerak ugaldu ditu (foroak, blogak…); eta, horrenbestez, testu-genero berriak sortu dira. Beraz, ikasleentzat zentzua eta esangura duten askotariko ataza eta proiektu komunikatiboak proposatzeko aukerak ere ugaritu egin dira.

Irakurketa lantzeko, kontuan hartu behar dugu irakurtzeko moduak ere aldatu direla IKTek eraginda. Alde batetik, sarea liburutegi oparoa eta biltegi erraldoia da gaur egun, eta ikasle-irakasleen esku jartzen ditu hizkuntza saioetan erabilgarri diren makina bat baliabide. Bestaldetik, ez dugu ahaztu behar sareko testu digital asko hipertestuak direla, askotariko loturak eta estekak dituztenak, ibilbide anitzekoak. Testu horiek irakurtzeko, estrategia bereziak erabili behar dira, irakurketaren helburua ardatz hartuta, jatorrizko testuko adarretan eta zeharkako ibilbideetan ez galtzeko. Horrez gain, testu digitalek askotariko kodeak elkartzen dituzte (hitzak, grafikoak, soinua, irudiak…), eta, horregatik, abilezia bereziak garatu behar dituzte ikasleek, besteak beste, lengoaia horiek ematen duten informazioa elkarrekin uztartzeko.

Hori guztia garatu zen “hizkuntzen irakaskuntza eta baliabide digitalak” EHUko 2013ko udako ikastaroan. Webgune honek  (https://sites.google.com/site/hizkuntzenirakaskuntzaetaiktak) biltzen ditu bertan azaldu ziren planteamenduak eta proposatu ziren material eta baliabide digitalak. Gai hauek jorratu ziren ( materialak bertan daude estekatuta):

Eta esan dezagun, berriz ere, irakasleon erronka, egun,  ez dela IKTak erabiltzea, aldaketa metodologikoa bultzatzen duten jardueretan erabiltzea baino.

Comments are closed.