eGela

Berritzegune Nagusia

Ubuntu sentitzea

Badira hitz politak eta badira hitz itsusiak. Badira batzuk soinu ederra dutenak eta, gainera, hau miraria, esanahiarekin bat datorrena. Euskaraz, muxu da horietako bat niretzat.

Duela gutxi beste bat deskubritu dut: Ubuntu. Lasai, ez naiz hemen arituko sistema operatiboa libre horretaz, ez; hitz horren atzean dagoen kontzeptua da hona ekarri nahi dudana. Izan ere, Xhosa hizkuntzan ubuntu  hitzak “ni naiz zuek zaretelako” esanahi ederra du. Beraz, bizitzarako filosofia bat ere bada.

Ubuntu izatea erraza da familian eta ubuntu izan gaitezke lagunartean. Baina lanean zailagoa delakoan nago.

Lanean ubuntu sentitu nahian nenbilela, eta elkarlanean aritzeko aitzakia bat bilatzen ari nintzela, ideia sinple batekin topo egin nuen: zergatik ez antolatu tutoretza sarean?

Gainera, tresna 2.0 delako horiei esker beste urrats bat eman dezakegu. Oraingo honetan ez bakarrik materiala bilduz, orain arte egin dugun bezala, baizik eta programazio eredu bihurtuz guztion lana. Bildutako materiala google-sitean antolatuko dugu eta txantiloi bihurko, nahi duenak eskuratu eta berea egin ahal izateko. Horrela, denon artean sortutako tutoretza programazio-eredua gurea egingo dugu; eta gainera sarean antolatuta! Orain arte egindakoa nola gelditzen ari den ikusteko, kilkatu ondoko irudian.

Elkarlanean aritzeko proiektu honek izen bat du: Tutoretza 2.0. Parte hartzeko orain arte erabili dugun orientasare wikia erabiltzen jarraituko dugu.

Bideo honetan saiatu naiz azaltzen nola parte hartu.

Ongi etorriak izango dira tutoretza programaziorako erabiltzen dituzuen fitxak, bideoak, beste materialetarako estekak… baita inprimakiak ere: ikasleen jarraipenerako, irakasleen koordinaziorako, familiekin harremanetarako… Eta gogoratu, guztiontzat izango da lan horren fruitua. Lanean ubuntu sentitzeko aukera paregabea, ezta?

Nik korroan jarrita eseri nahi dut. Eta zuk?

Comments are closed.