eGela

Berritzegune Nagusia

Arreta ariketak

Irakasleak izan aurretik ikasleak izan gara, oraindik ere bagara eta izango gara. Betiko ikasleak gara. Irakasle eta ikasle izateagatik badakigu zein garrantzitsua den arreta ikasteko.

Kexa zabaldua da egungo ikasleei asko kostatzen zaiela arreta jartzea eta oraindik gehiago mantentzea. Berri ona dakarkizuet: arreta entrenatu daiteke.

Kontzentratzeko arazo horietan teknologia berrien talka ez da gutxietsi behar. Berehalako mezuek, on line bizigarriek, jolasek eta gainontzekoek, atentzioa desbideratzeaz gain, bat-bateko sariari adore ematen diote. Eta arreta jartzeak borondatea, esfortzua, nahi izatea eskatzen du. Saria eta esfortzuaren arteko lehian, erraza da irabazlea iragartzea.

Baina zailtasunak kanpoaldetik etortzeaz gain, barrualdean ere egon badaude. Izan ere, gure buru aktibitatea etengabekoa da. Zerbaitetan kontzentratuta ez gaudenean ere, pentsamenduen jarioa ez da eteten, ezta pentsatu ere! Burua bere kasa uzten dugunean NIan eta NIaren kezketan aritzen ohi gara: egiteko ditugun gauzetan, pertsona bati gaizki esandakoetan edo ez esandakoetan…  Konturatu al zarete horrelakoetan negatiboak diren pentsamenduetan zentratzeko joera dugula?

Gizakiok ildotik kanpo aritzea berezkoa dugu. Saileko ekipamendua dugu. Egungo gizartean, ordea, premiazkoa da arreta fokatzen jakitea, pentsamendu erreflexiboa sustatzeko eta munduaren konplexutasuna ulertzeko.

Arretak funtzionamendu berezia du. Badirudi gure buruak bi sistema dituela, bakoitzak bere aldetik dihardutenak. Lehenengoa marmarka jarduten da etengabe, atertu gabe, gure arazoak konpontzeko asmoarekin. Gure kontzientziatik kanpo funtzionatzen du eta normalean ez dugu haren berri izaten. Bigarren sistema, berriz, helburu batean fokatzen saiatzen da. Kontzientea da eta, beraz, guk geuk zuzentzen dugu. Baina lehenengo sistema hura izaten du oztopo, atzealdetik atera eta eszenatokiaren erdian agertzeko joera duelako, inolako kontrolik gabe. 

Daniel Golemanek arretaren anatomiari erreparatzen dio FOCUS(1) haren azken liburuan. Horrela deskribatzen ditu bi sistemak:

Behetik gorako sistema zaharragoa da eta oso baliagarria izan zen historiaurrean, gizakiok bizitzen jarraitzeko erabakiak azkar hartu behar genituenean. Baina orain sistema horren diseinuak arazoak sortzen dizkigu, bestearen gainean jartzen delako, menderatzaile. Eta pentsamendu sakonak buru kontzentrazioa eskatzen du. Hainbeste akuiluen artean arreta jartzen ikastea da egungo erronka.

Arazo horri aurre egiteko Golemanek arreta buru-giharra bezala lantzea proposatzen digu. Formula sinplea da: gure arreta fokatu nahi badugu, lehenengo sistemak sortutako burrunba hori baretzen ikasi behar dugu. Gure burua haririk gabe hasten denean, ohartu behar gara, gelditu, distantzia hartu eta gure pentsamenduak helburura eraman behin eta berriz. Erraza da esatea.

Inoiz egin ahal duzue erlaxazio saiorik? Erlaxatzeaz gain, arreta lantzeko lehenengo hurbilketa izan daiteke. Gure arreta arnasketan fokatzen saiatu behar gara eta, desbideratzen denean, berriro arnasketara erakarri. Ondoren, gorputz atal guztiaz kontzientzia hartu eta horiek ere banan-banan lasaitu. Proba egiteko bideo hau aukeratu dizuet. Ikasleekin ere landu daiteke, esaterako, batxilergoan estutasunaren aurkako laguntza behar duten horiek eskertuko dute. Eta baita besteek ere.


Golemanek pista gehiago ematen dizkigu. Horietako bat ASE programa sozio-emozionala da, Haur eta Lehen Hezkuntzan lantzeko aproposa. Ondorengo ariketa 3. eta 4. mailakoekin lantzen da. Ikasleak asaldatzen hasten direnean, semaforo batean pentsatzeko eskatzen zaie.

Argi gorria=gelditu:  luze eta sakon hartu behar dute arnas eta arazoa zein den eta nola sentitzen diren azaltzea eskatzen zaie.

Argi laranja=lasaitzeko beharra: arazoa konpontzeko bideak aztertu behar dituzte eta onena aukeratu.

Argi berdea= martxan jarri:  Ikasleek estrategia zehatz bat probatu behar dute eta nola funtzionatzen duen ikusi.

Semaforoak laguntzen du arretaren modalitate-aldaketa entrenatzen: behetik gorako modalitatetik (oldarkorra eta kontrolik gabekoa), goitik beherakora (kontzientea eta kontrolatua) pasatzen ikasten da.

Arreta fokatzeko Golemanek beste jokabide batzuk ere ematen ditu. Baina horiek beste baterako utziko ditugu. Ez dut zuen arreta arazoetan jarri nahi.


(1) Goleman, D. FOCUS: Desarrollar la atención para alcanzar la excelencia. Kairos. 2013.

 

Comments are closed.