eGela

Berritzegune Nagusia

Gelan blogak erabiltzen hasteko ideia batzuk

Gaur egun inor gutxik jartzen du zalantzan blogen erabilerak irakaskuntza-ikaskutza praktikan izan dezakeen potentziala. Sarrera honetan zenbait oinarrizko pista ematen dira, ikastetxean blogak erabiltzen hasteko asmoa duzuen irakasleoi zuzenduak.

Bat-batean den-dena ezin dugunez jakin, blogen munduan ere apurka-apurka hastea komeni da. Blog bat martxan jartzeko ez daukagu zertan adituak izan. Sarean oso gelako blog onak aurkitu ditzakegun arren, hobe da gure bloga haiekin ez konparatzea, konplexutan ez jausteko. Sarrera sinpleak – testua eta argazkia – argitaratzen hasi gaitezke, eta ikasi ahala bestelako web 2.0 tresnak sartzen joango gara. Oso praktikoa izan daiteke guk baino gehiago dakien norbait topatzea, gure ikastetxekoa bertakoa izan daitekeena edo ez, guri laguntzeko prest dagoena. Gure ikasleekin ere ikasi dezakegu. Konturatu orduko blogari apartak izango gara.

Blogen erabilera eguneroko gelako praktikan integratu beharko genuke, adibidez, matematika, hizkuntza… edukiak jorratzeko. Horrez gain, etxerako lan batzuk blogaren bitartez egiteko planifikatu daitezke. Blogean kalitatez idazten irakatsi behar diegu ikasleei. Hasieran, geuk egindako sarrerei iruzkinak –komentarioak- nola egin jorratu dezakegu; ostean, ikasleek euren sarrerak idatziko dituzte. Bloga oso erreminta indartsua da irakurketa eta idazketa lantzeko.

Bloga egunean mantentzea komeni da. Hori lortzeko, hasieran helburu batzuk markatu ditzakegu – astean gutxienez sarrera bat argitaratzea, adibidez – eta baita errutina batzuk ere – ikasleen sarrerak edota iruzkinak egunero irakurri, esaterako – . Geure gelako blogaren erabileran entrenamendu nahikoa dugunean, beste eskoletako irakasleekin lankidetzan hasi gaitezke. Ikasleentzat ere garrantzitsua da oinarrizko aspektu batzuk menperatzea beste eskola batzuetako ikasleekin kolaboratzen hasi baino lehenago: iruzkinak idazteko prozedura, interneten segurtasunez nabigatzeko jakin beharrekoak… Azken kontu hori oso garrantzitsua da, bloga oso baliabide egokia baita komunitate bateko partaide arduratsuak izaten ikasteko.

Azkenik, familien inplikazioa bilatu behar dugu; oso inportantea da ikasleen gurasoak honetan konprometitzea, kurtso hasieran gure asmoak eta blogen funtzionamendua azalduz eta ikasturtean zehar euren erabilera eta partehartzea sustatuz.

Comments are closed.