eGela

Berritzegune Nagusia

Tutoretza 2.0

 

tutoretza 2.0

Maiatza bukatu da. 2013-14 ikasturtea ere amaitzear dago. Karpetak ixteko garaia da.

Ikasturtearen hasieran proiektu baten berri eman nizuen. Elkarlanean aritzeko proiektua zen, lanean ere Ubuntu sentitu  nahi zutenentzako aproposa. Lana Orientasare wikiaren bitartez eta zonaldeetako orientazio mintegietaz baliatuz bideratu genuen eta, orain, haurdunaldi bat balitz bezala, argia ikusteko eguna iritsi zaio: Tutoretza 2.0 jaio da. Zorionak parte hartu duzuen guztioi!

Zer da Tutoretza 2.0? Tutoretza sarean antolatzeko sites bat. Programazio eredu bihurtu dugu azken bi urte hauetan bildutako materiala eta google sitesera pasa.

Jaioberriaren irudian klikatuz ikus dezakezue nola gelditu den. Sinplea baina txukuna, ezta?

tutoretza 2.0

Google-sites hori publikoa da sarean, hau da, edozeinek ikus dezake eta dagoen bezala erabili. Gainera, sites horrek kopia bat lortzeko aukera ere ematen du. Horretarako Googleeko galeriara igo dugu eta “plantilla” bihurtu dugu. Horrela, denon artean sortutako tutoretza programazio-eredua orain guztion eskura dago. Behin eskuratu ondoren, zuen tutoretza programazioa egin dezakezue, nahi dituzuen aldaketak egiteko aukera izango duzuelako: itxura aldatu, orriak editatu, ezabatu edota gehitu…

Zertarako balio du? Tutoretzan parte hartzen duten guztiek

  • tutoretzan adostutakoa bertan jasotzeko eta kontuan hartzeko
  • jarduerak mailaka antolatzeko eta, nahi izanez gero, horien balorazioak bertan egiteko
  • aldaketak erraz egiteko
  • ikasleekin, familiekin eta irakasleekin tutoretzan erabiltzen diren inprimakiak eskura izateko

Aurtengo lana burutu dugu eta txukun, gainera. Baina programazioa oraindik hobeto osatu dezakegulakoan nago: film laburren zerrenda luzatzen joan da eta horiek lantzeko gidak faltan bilatzen dira; hezkidetza tutoretzan indartzeko proposamenak aztertzeke daude… Denbora faltagatik, partekatu nahi ziren jarduera asko pen-drivetan gelditu dira; proposatzen ziren inprimakiak aztertu gabe…

Horregatik 2014-15 ikasturtean programazioarekin jarraitzea proposatu nahi dizuet. Orain arte erabili dugun wikiaz baliatu gaitezke horretarako. Hori bai, proposamen berriak kolore batez nabarmenduz, gero tutoretza 2.0 sitesera erraz pasa ahal izateko. Baina gogoratu: kantitatea baino kalitatea da interesatzen zaiguna, tutoretzan benetan ondo funtzionatzen duten proposamenak bildu nahi baititugu.

Badakit sitesak, wikiak eta orokorrean tresna 2.0 horiek manejatzeko trebetasun maila desberdinak daudela gure artean. Horregatik alde teknikoan laguntza behar dutenentzako (sitesa nola eskuratu, orriak nola editatu, itxura nola aldatu) bideotutorialak bilatzen (edo gureak prestatzen) saiatuko gara. Ondorengoan, sitesa nola eskuratu eta azaltzen saiatu gara.

Laguntza gehiago ematearren, PREST GARAn Orientazio 2.0 bi ikastaro online eskainiko ditugu, 30 ordukoak: lehenengoa irailean eta bigarrena, urtarrilean. (aurrez aurreko 1. bilerak Lasarten eta Bilbon izango dira, hurrenez hurren).

Eta zonaldeetako Berritzeguneetan laguntza izango duzue, jakina! Orientazio mintegiak oso aproposak dira elkarri laguntza emateko, ezta?

Mila esker proiektu honetan parte hartu duten guztiei Ubuntu sentitzea uzteagatik!

Comments are closed.