eGela

Berritzegune Nagusia

MINA DEL MORRO-LARREAGABURU HLHI eskolan. Proiektuen bidez lan egiten

mina del morroAurreko batean, komunikazio proiektuen ezaugarriak aztertzen aritu ginen gune honetan, eta oinarrizko konpetentziak garatzen laguntzeko planteamendu didaktiko eraginkor gisa ezaugarritu genituen. Oraingoan, berriz, proiektuen bidezko lana bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu.
Aste honetan, Mina Del Morro ikastetxeko LHko 5. mailako ikasleekin izan gara; izan ere, zenbait komunikazio-proiektu burutu dituzte Silvia Romero irakaslearen eskutik, Txurdinagako Berritzeguneko Rakel Arrizabalagaren aholkularitzaz baliatuta. Gonbidatu egin gaituzte eta gustura joan gara eurekin hitz egitera egin dituzten proiektuen inguruan: ea gustura aritu diren, ea zer egin duten eta nola… Eta zer egiaztatu dugu? Animalien inguruko proiektuan, esaterako, inguruneko curriculum-edukiak landu dituztela eta gauza direla animaliei buruz idazteko, animalien deskripzioak eginez, haien elikadura ohiturak eta bizi ohiturak azalduz…. eta hori guztia modu argi eta ordenatuan egiten dutela, eta euskaraz. Irribarretsu topatu ditugu, lotsatuta edo gure aurrean, baina eginiko lanarekin harro eta euren buruarekin harro. Irakaslea ere oso harro dago eurekin. Sentsazio hori giroan sumatzen da.

LH5Adonai, Adan, Robert, Kevin, Adrian, Eukene, Alex, Brian, Maialen, Yuleimy, Nazaret, Shakira, eta Lucia dira ikasle horiek eta lan handia egin dute: Interneten nabigatu informazio bila, hura aukeratu eta moldatu egin dute, zenbaitzuetan, gainera, euskaratu egin dute. Gero, dena antolatu eta idatzitako testuak behin eta berriro zuzendu dituzte. Azkenik, zaldiaren, untxiaren, lehoiaren, hartzaren… albumak egin dituzte: euren albumak.OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Pozik erakutsi dizkigute ppt diapositibak; gogotsu, euren koadernoak. Pasabideetan dituzte informazio horma-irudiak.

Goiko lerroetan, proiektuen lanketa prozesua deskribatu dugu, baina azpimarragarriena izan da eurei entzutea asko ikasi dutela eta egiten ari diren ahaleginak merezi duela. Ez da gutxi, gero! Eta hitz berriak ikasi dituztela, esaterako, miazkatu. Animaliek miazkatu egiten dutela, euren kumeak miazkatzen dituztela, zaintzeko, maitasuna adierazteko… esan digute.

Ikasle hauen gelan, pixkanaka, ingurune liburua baztertu eta eduki berberak beste modu batera lantzen hasi dira, Silvia lagun dutela. Gure laguntxoen proiektuen ibilbidea Euskal Herriko basoko kondairak proiektuarekin hasi zen; han lan izugarria egin zuten basoko buru-mapa osatzenOLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gero, animalien albuma etorri zen eta orain, amaitzekotan dira musika tresnen inguruko proiektua euskara, gaztelania, plastika eta musika arloak,besteak beste, garatzeko.

Ordenagailuen aurrean topatu ditugu gelan sartu garenean. Hizketan hasi garenean, energia aurreztearren, ordenagailuaren pantaila jaitsi dute, egun argia denez, gelako argiak amatatu dituzte, ahalik eta paperik gutxien erabiltzen saiatzen dira…. Energia aurrezten eta aurreztutako dirua kalkulatzen dute egunero (aurreko batean aditu batek emaniko aholkuei jarraikiz). Aurrezki horiek ikasturte amaierako txangoan erabiliko dituzte: auzuneko igerilekura joango dira eta izozki bana erosiko dute.

Oso ondo, gustura, egon gara eurekin hizketan.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Bizitza errealeko gaiak, euren intereseko gaiak, gure eta euren eguneroko errealitateko gorabeherak, eskolako ikasgaiak beste modu batera jorratuta, informazioa bilatu eta hura baliatzea, IKTak egunerokotasunean txertatzea, ikasleak elkarrekin eta elkarlanean… Lankidetzaren garrantzia. Horiek guztiak behar dituzte ikasleek eta behar ditugu irakasleok. Ez du ematen hain zaila, ezta? Irakasleen borondatea eta gidaritza; eta ikastetxearen laguntza eta aupada behar dira. Horixe ikusi dugu Mina del Morro ikastetxean.

Esteka honetan duzue irakasleak ikasleekin batera prestatu duen aurkezpena, ikasturte honetan egin duten lana erakusteko. (Beste egun batean azalduko dizuegu irakurketa lantzeko ikastetxeak egiten diharduen lan bikaina).

Comments are closed.